Ikusi irudi osoa
Leihoa murriztu

Teatrodix jaialdiak bere lau obrarentzako 105 sarrera solidario erreserbatu ditu

Teatrodix antolatzen duten erakundeek, Gizakia Herritar Fundazioak, Paris 365eko jantokia eta despentsa solidarioarengatik ezaguna, eta Arteriak Gestion de Flujos Creativos kultur sustatzaileak Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Aurkako Nafarroako Sareari 75 sarrera ematea erabaki dute jaialdiko hiru antzezlanetan banatuta, 25 bakoitzarentzat. Gainera, Gayarre Antzokiak berdina egin du beste antzezlan baterako 30 sarrerarekin.

Sarea esku-hartze sozialaren eremuko 34 gizarte erakundek osatzen dute, Paris horien artean. Erakunde horietako zerbitzu eta programen erabiltzaileen, teknikarien, ordezkarien eta boluntarioen artean banatuko ditu paseak.

Sarrera solidarioen ekimena koherentea da jaialdiaren espirituarekin; izan ere, antzerki-emanaldiak, tailerrak, mahai-inguruak eta mikrokontzertuak biltzen ditu, betiere izaera sozialekoak, bai gaiei dagokienez, bai sortze-prozesuei dagokienez ere. Bigarren edizio hau urriaren 2an hasi zen eta azaroaren 24ra arte iraungo du, eta migrazioen eta kulturartekotasunaren eta aniztasuneko bizikidetzaren balioen inguruan egituratzen da.

Gogoan izan behar da Teatrodix Phestibal 2021ean sortu zela, Paris 365en eskari bati erantzuteko: fundazioak pobrezia egoeran edo gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonen elikadura duina bermatzen du batez ere, baina non geratzen da erabiltzaileen kulturarekiko interesa? Nola bermatu kulturarako sarbidea bere behar fisikoak betetzeko zailtasunak dituenari? Bilaketa horretan, Arteriak kultur sustatzaileak, Paris 365ekin lotura duten pertsonak dituenak, laguntza eskeini zion Parisi, Teatrodix jaialdia sortuz.

Hauek dira Sareko entitateek eskura izango dituzten lanak: Etxerik txikiena, gaur urriaren 21ean, ostirala, 19.00etan Nafarroako Antzerki Eskolan, eta Turistak, urriaren 28an, ostirala, ordu eta leku berean. Lehenengo lanak, euskaraz eta batez ere nerabeentzat pentsatua, neskato errefuxiatu baten deserrotzean eta bere hutseko bizitzaren berreraikuntzan sakontzen du, bere lagun berriaren laguntzarekin. Antzezlanaren amaieran foro txiki bat egingo da publikoarekin. Bigarren lanak, gaztelaniaz, patera bat iristen denean hondartzan dauden turista bikote baten bizipena kontatzen du, migratzaileen inguruko aurreiritziei buruz hausnartzeko.

Joan den igandean, Agoitzen, Nafarroako Sarearen kide diren erakundeek, sarrera solidarioen bidez, Guk lana ikusteko aukera ere izan zuten, dantzaren eta antzerkiaren konbinazioren bitartez emakumearen unibertsoaz eta prozesu biologikoez hitz egiten duena.

Bestalde, Gayarre Antzokiak beste 30 sarrera solidario eskaini ditu azaroaren 24an 20.00etan areto honetan jaialdia itxiko duen Casa antzezlanerako. Lucia Miranda egileak 40 pertsona elkarrizketatu zituen Espainiako Estatu osoan zehar lanaren gidoia eraikitzeko, %95ean hitzez hitz transkribatuta.

Programako jarduera hauek eta beste batzuk, Iruñeko hainbat agertokitan egingo direnak, publiko orokorrarentzat ere irekita daude, beti ere 12 eurotik beherako sarrerekin. Horietako batzuk doakoak dira, baina aldez aurretik izena eman behar da. Informazio guztia teatrodix.com webgunean kontsulta daiteke.

Itxi