Ikusi irudi osoa
Leihoa murriztu

Paris 365ek erabiltzaileen higienea bermatuko du Iruñeko Udalaren estaldura faltaren aurrean

Dutxa bat eskura izatea oinarrizkoa da higiene eta itxura egokia mantentzeko ez ezik, bizimodu osasuntsua izateko ere. Bestela, osasun pertsonalaz gain, osasun publikoa arriskuan egon liteke. Hala ere, gaur egun Iruñean, kalean dauden pertsona gehienek ez dute dutxatzeko aukerarik.

Arazoa larriagotu egiten da udan, batez ere bero boladetan. Abuztuaren 18tik 24ra bitartean tenperaturak 42 gradura heldu ziren, eta minimoak ez ziren 25 gradutik jaitsi gau batzuetan. Aipatzekoa da Udalak honako hau jotzen duela bero boladatzat: “Bi egun baino gehiagoz 36 gradutik gorako giro tenperatura maximoa eta 18 gradutik gorako tenperatura minimoa”.

Paris 365 jangela solidarioan ikusi ahal izan dugu nola izerdi etengabeak, freskatzeko ezintasunak eta arropa garbitzeko zein lehortzeko aukerarik ezak erabiltzaileei sarna, onddoak edo infekzioak eragin dizkien. Hori guztia maiatzaren amaieran Caritasek kudeatutako San Miguel zentroa itxi zenetik, non kalean zeuden pertsonek dutxa hartu eta arropa doan garbitzeko aukera zuten.

Hiru hilabete hauetan, Iruñeko Udalak ez du inolako zerbitzurik prestatu San Migel zentroaren funtsezko lana ordezteko. Neurri bakarra Trinitarioen aterpetxean eguneko zortzi plaza irekitzea izan da, bero boladagatik alerta aktibatu zen zazpi egunetan soilik.

Beraz, kale egoeran daudenei udal bainuetxera jotzea baino ez zaie geratzen. Hala ere, higienea mantentzeko zerbitzu horretaz aparte beste aukerarik ez dutenek oso gutxitan izaten dute hori ordaintzeko adina diru. Izan ere, dutxatzea 1,05€ kostatzen da; oihala, 0,40€; xaboia, beste 0,40€; arropa garbitzea, 5,65€; eta lehortzea, beste 5,65€.

Egia da gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsona batzuk salbuetsita daudela tarifa horiek ordaintzetik, betiere auzo jakin bateko gizarte zerbitzu baten bidez bideratu badituzte hara. Baina oso irizpide desberdinak antzeman ditugu horri dagokionez, eta, beraz, bazterkeria larrian eta kalean dauden pertsona gehienek ez dute benetan bainuetxea erabiltzeko aukerarik.

Egoera horren aurrean, Gizakia Herritar/ Paris 365 fundazioak erabaki du aurrerantzean kalean dauden erabiltzaile guztiei hiru dutxaren eta asteko arropa garbitu eta lehortzearen kostua ordainduko diela, baita aparteko muda bat ere. Era berean, Iruñeko Udalari exijitzen jarraituko dio bertan bizi diren herritar guztien oinarrizko premiez arduratzeko.

Itxi