Ikusi irudi osoa
Leihoa murriztu

Paris 365ek 50 pertsona inguru erregularizatzeko eskaeran parte hartu du

Fundazioak, gizarte-langileekin koordinatutako bi boluntarioren bidez, laguntza eskaini die migratzaileei, Atzerritartasunean aurkeztu behar zituzten espedienteak osatu ahal izateko.

Cristina Contreras eta Iñaki Mur, Gizakia Herritar/París 365 fundazioko boluntarioak, eta Jone Arnedok, Marta Antoñanak eta Juana Urrak osatutako gizarte-langileen taldea, 50 bat migratzaileren erregularizazio espedienteetan aritu dira lanean azken hiru hilabeteetan. Gogoratu behar da Espainiako Gobernuak duela gutxi onartu zuela 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen Estatura iritsi ziren migratzaileen ezohiko erregularizazio administratiboa.

Nahiz eta erabaki horri esker milioi bat lagunek lortu ahal izan duten legezko bizileku eta lan baimena, prozedurak kostu ekonomikoa zekarren berekin. Hortaz, diru sarrerarik gabeko pertsona askok ezin zuten kostu hori bere gain hartu eta, edonola ere, dokumentazioa zehatz-mehatz bildu behar zen.

Horregatik, apirileko, maiatzeko eta ekaineko larunbatetan, Iñaki Murrek eta Cristina Contrerasek beharrezko laguntza eman diete dozenaka interesdunei erregularizazio espedienteak prestatzeko, Paris 365eko gizarte langileek egindako kalteberatasun-txostenak barne.

Lehenengo astetan, jende asko bildu zen eta eskatutako betekizunekin, beharrezko dokumentazioarekin eta jarraitu beharreko prozedurarekin lotutako kontsulta asko erantzun ziren. Lehen elkarrizketa horien ondoren, espedienteak irekitzeari ekin zitzaion, eta pertsona bakoitzari beharrezko informazioa eman zitzaion, dagokion dokumentazioa bildu ahal izateko.

Artatutako pertsona gehienak jantokiko erabiltzaileak ziren, marokoarrak eta aljeriarrak. Asteek aurrera egin ahala, bildu zuten dokumentazioa aurkeztu zuten. Horri esker, espediente bakoitza berrikusi ahal izan zuten eta argibideak eman ahal izan zizkieten egiteke zeuden dokumentuei edo antzemandako balizko gorabeherei buruz.

Emandako laguntzaren barruan, aurrekari penalen ziurtagirien eta frantsesez idatzitako beste dokumentu batzuen itzulpenak ere egin ziren, batez ere Afrikako iparraldeko herrialdeetakoak. Itzulpenok beharrezkoak izan ziren dokumentazioa espedienteetan behar bezala txertatzeko eta eskatutako baldintzak betetzeko. Era berean, seme-alabak zituzten Peruko bi emakumeri eman zitzaien arreta, eta haientzat ere prestatu ziren erregularizazio-espedienteak, aurkeztutako dokumentazioa berrikusita eta prozesu osoan orientabideak emanda.

Paris 365eko boluntarioen eta langileen arteko koordinazio lan hori guztia fruituak ematen ari da: oraingoz, lau pertsonak lortu dute behin-behineko lan eta bizileku baimena, Paris 365etik egindako zuzeneko gestioei esker, egin ziren zazpi eskaeretatik. Beste hirurak zain daude oraindik. Gainera, 22 espediente gahiago osorik prestatu ditu Gizakia Herritar fundazioak.

Guztira, 50 pertsona inguruk jaso dute, neurri handiagoan edo txikiagoan, Paris 365eko boluntariotzako eta harrerako taldearen laguntza. Baina horietako batzuek beste erakundetan burutu dituzte beren prozesuak, kasu gehienetan erakunde horiek izapide burokratikoen ondoriozko administrazio-tasak estaltzen zituztelako, egiaztapen ofizial baten bidez.

Itxi