Ikusi irudi osoa
Leihoa murriztu

Paris 365ek eta Arteriak ‘Teatrodix’ 2022 aurkeztu dute, kulturaniztasuna, bizikidetza eta migrazioen inguruko antzerki jaialdia

Paris 365 jangela eta despentsa solidarioagatik ezaguna den Gizakia Herritar Fundazioak eta Arteriak kultur sustatzaileak Teatrodix jaialdiaren bigarren edizioa aurkeztu dute gaur goizean. Igande honetan bertan, urriaren 2an, hasi eta azaroaren 24an amaituko den programazioa antzerki emanaldiek, tailerrek, mahai inguruek eta mikrokontzertuek osatzen dute.

Teatrodix Phestibal 2021ean jaio zen, Paris 365en eskari bati erantzuteko: fundazioak pobrezia egoeran edo gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonen elikadura duina bermatzen du batez ere, baina non geratzen da erabiltzaileen kulturarekiko interesa? Nola bermatu kulturarako sarbidea bere behar fisikoak betetzeko zailtasunak dituenari? Bilaketa horretan, Arteriak kultur sustatzaileak, Paris 365ekin lotura duten pertsonak dituenak, laguntza eskeini zion Parisi, Teatrodix jaialdia sortuz.

Aurtengo ekitaldiak Ribaforadan, Agoitzen eta batez ere Iruñean egingo dira, Nafarroako Antzerki Eskolaren, Gael sormen gunearen, Gayarre antzokiaren, Antartika Kultur Containerren eta, maila ekonomikoan, Rural Kutxaren, Iruñeko Udalaren zein Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen eta Kulturaren sailen diru laguntzei esker.

Aurten, Phestibal Teatrodixek antzerki komunitarioaren unibertsoan murgilduko gaitu, bere teknika ezberdinak erabiliz, zapalduaren antzerkia edo foro antzerkia kasu. Guztiek dute amankomunean arlo soziala, bai sormen prozesuan, bai jorratzen dituzten gaietan. “Aurtengo gaiak kulturartekotasuna, aniztasuneko bizikidetza eta migrazioak izango dira”, aurreratu du Mikel Artxankok, David Aztarainekin batera jaialdiaren zuzendarikideak.

Prentsaurrekoan, Myriam Gómez Garcíak, Gizakia Herritar Fundazioaren koordinatzaile-gerenteak, antzerkiak pobrezia egoeran dauden pertsonak gizarteratzeko ardatz gisa duen zeregina nabarmendu du. "Garrantzitsua da haiek ikustea eta entzutea, gauza interesgarriak baitituzte kontatzeko", zehaztu du.

Bera eta Maialen Díaz antzezle eta antzerkigilea bat datoz kultura “oinarrizko ondasun” gisa ikustean. Horregatik, Paris 365eko erabiltzaileek berak zuzentzen duen ikerketa eta sorkuntza artistikoko tailer batean interesa duten beste pertsona batzuekin partekatuko dute espazioa, eta programako beste jarduera batzuetan ere parte hartuko du Díazek, Calatea, elkarrekin pentsatzeko eszena konpainiaren eskutik. Tailerrean, jaialdiaren ardatz diren kontzeptu sozialak jorratzen dituzte, parte hartzaileen berezko bizipenetatik abiatuta.

Artxankok Díazengandik azpimarratu duenez, “zortea da hura bere sorterrian bueltan izatea, Madrilen izan ondoren arte eszenikoen munduan jadanik sendotuta dagoen karrera bati bertan ekiteko”. Antzerkigileak, bere aldetik, adierazi du “plazer bat dela arreta jartzen ez zaien ahotsentzat kultura espazioak eskura ipintzea”.

Mikel Urmenetak diseinatutako kartelean agertzen diren ahots isildu baina askotarikoak, hain zuzen ere. Artista grafikoak 2021eko “marko bera” errepikatu du, baina “marrazki desberdinarekin”. Izan ere, “kolore txute bat sartu behar zitzaion egungo hain denbora ilunean”, azaldu du lur globoa eusten duen antzerkiaren ikur moduko zutabe baten inguruan agertzen diren lau siluetei buruz. “Horiek guztiek forma desberdinak dituzte buruan, munduari eusten dioten ideia anitzak dituztelako”. Metafora are argiago geratu da Urmenetak kartela osatzen duen hitz asmatua eta, ondorioz, Teatrodixaren espiritua azaldu dituenean: “Kulturimagnum, maremagnum kulturala adierazteko, ez kaosaren zentzuan, baizik eta aniztasunaren zentzuan”.

Itxi